Mikel Jauregi sailburua Quantum Motion-en izan da Euskadin ezartzeko erabakiaren ostean
Quantum Motion-ek Euskadin ezarriko da CIC nanoGUNErekin egindako akordio baten bidez. Helburua lankidetza zientifiko-industriala izango da, siliziozko lehen txip kuantikoa diseinatzeko.
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak Erresuma Batura egindako lan-bidaia batean, Londresen, Quantum Motionen instalazioak bisitatu ditu. Bertan, CIC nanoGUNErekin sinatutako akordioren bidez etorkizunean Euskadin izango duen ezarpena baloratu du sailburuak, "Euskadiren irudia nazioartean finkatu izanaren adibide ona bazkide sendo eta balio berritzaile handiko gisa".
Teknologia kuantikoarekin garatutako siliziozko lehen txipa diseinatzen duen hardware kuantikoan aitzindaria den Quantum Motionera egindako bisitan, sailburuari harrera egin diote, James Palles-Dimmock CEOk, John Morton CTO - Chief Technologgy Officerrek, eta Fernando González-Zalba Quantum Motion Euskadiko zuzendari eta CIC nanoGUNEko Ikerbasque ikertzaileak. Horiekin batera, laborategiak eta eremu hoztua ezagutu ditu, baita txip kuantikoak fabrikatzeko sistemak ere.
Enpresak sailburuari jakinarazi dio Europar Batasunean Donostian duen lehen egoitza irekitzeko erabakia hartu duela. Quantum Motionek lankidetza industrialeko hitzarmen bat sinatu zuen joan den ekainean nanoGUNE-ko Hardware Kuantikoko ikerketa-talde berriarekin, erdieroaleen teknologian oinarritutako txip kuantikoen garapenean lankidetzan aritzeko. Horrela, nanoGUNEk bere egoitza handitzeko eraikiko duen dorre kuantikoak ikerketa-talde berriaren laborategiak eta Quantum Motion enpresaren euskal filialaren bulegoak hartuko ditu.
Lehenengo fasean, bi solairu hartuko ditu dorre berriak, bulegoak eta testatze-laborategiak barne. Bigarren fasean, beste bi solairu prestatuko dira, laborategi berriekin, nanoGUNEko hardware kuantikoko taldeak kualifikazio handiko 50 pertsonako taldea hartzeko, Quantum Motionekin sinatutako hitzarmenaren esparruan.
Mikel Jauregi sailburuak Quantum Motion Euskadin ezartzea "oso berri ona" dela esan du, "gure herriaren prestigioa eta gaitasun industrial, teknologiko eta berritzaileak nazioartean sendotzeko aurrerapausoa delako. 2017tik Eusko Jaurlaritzak Erresuma Batuan duen merkataritza-bulegoarekin egindako ahaleginak fruituak eman ari dira merkatu britainiarrean Euskadiren irudia bazkide sendo eta balio berritzaile handiko gisa aurkezterakoan".
"Quantum Motionen Donostiako egoitza berriaren gauzatzea hainbat eragilek egindako eta Eusko Jaurlaritzak azken urteotan gidatutako lan onaren emaitza da. Lan honek hainbat faktore eta mugarri ditu, besteak beste, Europako Batzordeak gure herrialdea "goi berrikuntzako" lurraldetzat hartu izana, CIC nanoGUNErekiko lankidetza estrategikoa, Euskadin garatzen ari diren teknologia kuantikoaren gaitasun gero eta handiagoak (unibertsitateetan dagoen talentua, IBMren superordenadore kuantiko berria, Basque Quantum estrategia), BRTA - Basque Research and Technology Alliance aliantzaren indarra, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste eragile batzuen presentzia, eta, jakina, Industria Sailaren programen laguntza inbertsioen finantzaketaren, I+Gren edo ekintzailetzaren arloan".
"Quantum Motion proiektuak aberastasuna sortu nahi du Euskadirentzat, bai ezagutzari dagokionez, bai Euskadiko industriak sortu eta bultzatzeari dagokionez. Berriro ere, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen lankidetza publiko/pribatuaren estrategiak aukera-leiho berriak sortzen ditu gure industriaren eta gizarte osoaren mesedetan", esanez amaitu du Jauregik.