Donostia, spintronikaren eta orbitronikaren hiriburu
CIC nanoGUNEk antolatutako Spin & Orbit kongresuak komunitate zientifikoa bilduko du etorkizuneko elektronikari buruz eztabaidatzeko. Spintronikako eta orbitronikako nazioarteko 100 aditu baino gehiago bilduko dira aste honetan Donostian, informazioa azkarrago eta era efizienteagoan prozesatzeko eta biltegiratzeko teknologia iraultzaileen bila.
Donostia spintronikako eta orbitronikako ikerketaren epizentroa bihurtuko da egunotan, Spin & Orbit kongresuaren bidez, fisikaren arlo berritzaile horietako adituak bilduko baitira UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean. Arlo horiek funtsezkoak dira etorkizuneko elektronika garatzeko.
Ekitaldiak Europako SPEAR proiektuaren amaierako konferentzia eta Orbitronikako Workshoparen hirugarren edizioa uztartzen ditu, eta Europa, Korea, Japonia, Estatu Batuak, Brasil eta Txinatik etorritako zientzialari ospetsuek hartuko dute parte. Haien artean, nabarmentzekoa da Albert Fert Fisikako Nobel sariduna, spintronikaren arloan eraginik handiena duten adituetako bat.
Gero eta digitalizatuagoa dagoen mundu honetan, informaziorako, entretenimendurako eta komunikaziorako sarbidea teknologia digitalen mende dago, gero eta gehiago. Egunero 300 milioi terabyte-datu sortzen ditugu, eta horrek aurrekaririk ez duen hazkundea eragiten du energiaren kontsumoan. Kalkuluen arabera, 2030erako, munduko kontsumo elektrikoaren % 20 informazioaren eta komunikazioaren sektoreak egingo du. Erronka horren aurrean, berrikuntza digitala eta jasangarritasuna uztartzen dituzten proiektuen alde egiten du Europar Batasunak; esaterako, SPEARen alde, zeinaren helburua baita datuak biltegiratzeko eta prozesatzeko soluzio efizienteagoak garatzea, era horretan trantsizio digital ekologikoago baterako bidean laguntzeko.
SPEARen ikergaia da nola hobetu egungo teknologiak eta nola garatu ikuspegi berriak informatikan eta biltegiratzean. Gaur egun, konputazioa eta biltegiratzea elektroiaren kargaren mendekoak dira, baina teknologia horrek lortu duen miniaturizazio-maila muturrekoa da dagoeneko. Harago joateko, paradigma-aldaketa bat behar da: elektroiaren spina erabiltzea (spintronikoa). Propietate kuantiko horrek aukera ematen du datuak modu efizienteagoan biltegiratzeko, energia hornidura jarraiturik behar izan gabe, eta horrek gailu azkarrago eta jasangarriagoei atea irekitzen die.
Spin & Orbit kongresua plataforma moduko bat izango da, aurten amaituko den Europa mailako SPEAR proiektuko ikertzaileek eta gonbidatu nabarmenek arlo horretan egin diren aurrerapenik berrienak ezagutzera emateko. Gainera, Orbitronikaren Workshoparen hirugarren edizioa egingo da bertan. Diziplina hori gorabidean dago; elektroien momentu angeluar orbitala aztertzen du, eta efizientzia energetikoan eta gailu elektronikoen abiaduran iraultza ekarriko duela uste da. Tailer horrek ideien trukea bultzatuko du, bai eta etorkizuna markatuko duen teknologiaren aurrerapena ere.
“Biltzar hau aukera ezin hobea da tokiko komunitate zientifikoa arlo horretako aditu handienekin batera kokatzeko eta etorkizuneko elektronikan egindako azken aurrerapenak eztabaidatzeko”, azaldu du Fèlix Casanovak, nanoGUNEko Nanogailuen taldeko Ikerbasqueko ikertzaile, SPEAR proiektuaren koordinatzaile eta batzorde antolatzaileko kideak.