IPLEXMED eta MindSens dira III. Global Graphene Call-eko irabazleak
CIC nanoGUNE, BerriUp, Graphenea, Donostiako Sustapena eta BIC Gipuzkoak bultzatutako nazioarteko deialdiak grafenoak aplikazio industrial eta teknologikoetan duen potentziala aprobetxatuko duten ideia iraultzaileak bilatzen ditu. Irabazle diren bi enpresek lau hilabeteko prestakuntza eta azelerazio programa pertsonalizatua jasoko dituzte, antolatzaileek eskaintzen dituzten baliabideetara sarbidea izanik.
Londresko MindSens eta Portugalen egoitza duen IPLEXMED dira III. Global Graphene Call-aren irabazleak, grafenoaren potentzial iraultzailean oinarritutako ideia enpresarialak bilatzeko eta azeleratzeko nazioarteko deialdiaren irabazleak hain zuzen ere. Ekimen hau Euskal Herriko nanozientziaren ikerketa zentroak, CIC nanoGUNE-k, sustatu du, eta harekin batera aritu dira BerriUp —Financial Times-en arabera Espainiako lehenengo startup azeleratzaile pribatua—, Graphenea —nanoGUNE-ren lehen startup-a, grafenoa ekoiztera eta merkaturatzera bideratua—, Donostiako Sustapena —Donostiako Udalaren garapen ekonomiko eta berrikuntza sozietatea— eta BIC Gipuzkoa —enpresa berritzaileak sortzen laguntzen duen Business Innovation Centre-a—.
2024ko irailan irekitako hirugarren deialdi honek 14 herrialdeetako 30 proiektu baino gehiago erakarri ditu, AEB, Erresuma Batua eta Espainia nabarmen ordezkatuz.
Lehen irabazlea, MindSens, Erresuma Batuko HealthTech startup bat da, odol tanta bakar baten bidez, Alzheimerren detekzio goiztiarrerako gailu bat garatu duena. Gailuak grafenoa erabiltzen du bere sentsoreetan, grafeno trantsitore efektu zelai batean (GFET) oinarrituz; bertan, grafenoaren gainazal funtzionalizatuek helburu analisiekin elkar eragiten dute, eroankortasuna aldatuz eta detekzio zehatza ahalbidetuz.
Bigarren irabazlea, IPLEXMED, Portugalen egoitza duen startup bat da, arnasketa infekzioak eta horien erresistentzia antimikrobianoak modu azkar eta fidagarrian identifikatzeko diagnostiko teknologia eskaintzen duena. Haien kontsumigarriei grafeno-transistore efektu-zelaiak txertatuz, sentikortasun maila altuak lortzen dituzte ADNaren amplifikazioaren beharrik gabe, diagnostiko denbora nabarmen murriztuz.
BerriUp-eko zuzendari den Patricia Casado-k dioenez, “hirugarren edizio honekin 2020an abian jarri genuen deialdia sendotzen ari gara, eta dagoeneko nazioarteko sektorean erreferente bihurtu da. Oso esanguratsua da ekimenarekin bat egin duten eragile kopurua. Horrela, gure lurraldea grafeno-proiektu sortzaileentzat kokaleku erakargarri gisa posizionatzen laguntzen digu.”
Graphenea-ko CEOak, Jesús de la Fuente-k, nabarmendu du: “Global Graphene Call honetan parte hartu eta gure materialak eta fabrikazio gaitasunak startup berrien eskura jartzeaz pozik gaude, grafenoarekin berrikuntza sustatzeko.”
Donostiako Sustapeneko zuzendari kudeatzaile den Iñigo Olaizola-k, bi startupei zorionak emateaz gain, adierazi du: “Fomentotik gure hirira proiektu berritzaileak erakartzea sustatu nahi dugu, bi startup hauek bezala. Grafenoaren arloak aukera bikaina eskaintzen digu talentua Donostiara erakartzeko. Haien eskura jartzen dugu ingurune paregabe bat, gure berrikuntza eta ekintzailetza nodoa, EKINN, bezalako baliabide garrantzitsuekin, gure lurraldean horrelako ekimenak garatu eta hazteko.”
CIC nanoGUNE-ko Teknologia Transferentziako zuzendariak, Ainara Garcia-Gallastegui-k, deialdi honen garrantzi estrategikoa azpimarratu du: “Bi enpresek eskaintzen dituzten irtenbide teknologiko oso berritzaileak nanoGUNEren estrategia ildoekin bat datoz. Gaixotasunen monitorizaziora bideratuta daude eta aukera paregabea sortzen dute sinergiarako, berrikuntzaren izaeragatik zein merkatu potentzial handia dutelako.”
Azkenik, BIC Gipuzkoa-ko zuzendari kudeatzaile den María Luisa Arriola-k adierazi du: “BIC Gipuzkoan proiektuen fase eta sektore bakoitzera egokituta dauden zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditugu. Hala nola, adituak, komunitate aktibo bat, industriako harreman gakoak, formakuntza, mentoring-a, finantzaketa eta teknologia aurreratua duen laborategi bat eskaintzen dizkiegu. Gure helburua Gipuzkoan sektore bioteknologiko lehiakor eta proiekzio globaleko bat garatu eta sendotzea da. Bi enpresa irabazleek baliabide horiek guztiak aprobetxatu ahal izango dituzte Ekintzaile-Txekintek programaren bidez.”
Hautatutako bi enpresek lau hilabeteko prestakuntza eta azelerazio programa pertsonalizatu bat izango dute 2025eko urtarriletik apirilera bitartean, BerriUp-en egoitzan. Gainera, Graphenea-k eskaintzen duen material aurreratura eta CIC nanoGUNE-ren instalazioetara sarbidea izango dute.
Donostian kokatzen badira, Donostiako Sustapenaren laguntza ere izango dute, teknologia osagai bat duten proiektuak garatzeko bideratutako bono teknologiko bat jasoz, baita EKINN-ek eskaintzen dituen zerbitzu, programa eta laguntzetara sarbide lehiakor bat ere. CIC nanoGUNE-k bi enpresen eskura jarriko ditu bere instalazioak, eta baita proiektu bakoitzaren behar zehatzen araberako beste laguntza batzuk ere. Laguntza horiek guztiak BIC Gipuzkoa-k eskaintzen duen Ekintzaile-Txekintek programarako sarbidearekin osatuko dira. Ekimen honek, eskualdean startup teknologikoen hazkundea sustatzen du.