Ibilaldi bat nanomunduan barrena erakusketa Bilbon izango da
CIC nanoGUNEk eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Ibilaldi bat nanomunduan barrena zehar erakusketa antolatu dute. Erakusketa irailaren 13tik 23era UPV/EHUko Bizkaia Aretoan izango da ikusgai. Punta-puntako mikroskopioen bidez lortutako irudi ikusgarriak biltzen dituen erakusketa da, eta helburua da nanozientzia modu ikusgarri eta erakargarri batean zabaltzea.
Bizkaia Zientzia Plaza ekimenaren baitan antolatutako erakusketa honetan nanozietzia eta nanoteknologiako egileak, lanak eta tresnak aurkezten dira. Erakusketara joaten direnek hainbat nanoobjekturen irudiak ikusiz gozatu ahalko dute. Irudi horiek “nanomunduaren begi” bihurtu diren instrumentu harrigarriek, hala nola indar atomikoko mikroskopioak edota mikroskopio elektronikoak, hartu dituzte. Horrez gain, alor honetan erabiltzen diren tresnetako batzuk eta eguneroko benetako ikerketa-produktuak eta -objektuak ikusteko aukera ere izango dute.
Irailaren 22an eta 23an 18:00etan bisita gidatu bana egingo da erakusketa osatzeko, Ibon Santiago nanoGUNEko ikertzailearen eskutik. Irailaren 22ko bisita euskaraz egingo da eta irailaren 23koa, berriz, gaztelaniaz.
Ibon Santiagok fisika ikasi zuen UPV/EHUn. Massachusettseko Institutu Teknologikoan (MIT) masterra egin eta Oxfordeko Unibertsitatean Fisikan doktoratu zen, non biofisikaren eta DNAren nanoteknologiaren arloetan lan egin zuen. Doktoratu osteko ikertzailea izan da Cambridgeko Cavendish laborategian, eta ondoren Humboldt Fellow izan zen Municheko Unibertsitate Teknikoan (TUM). Gaur egun, nanoGUNEko ikertzailea da, eta bertan robot molekularrak sortzeko proiektua garatzen ari da DNA bezalako material programagarrien laguntzaz Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Fellow programaren baitan.