Gazteek ikasturtean landutako 200 proiektu daude ikusgai Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioan
Martxan da Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioa, eta aurten ere nanoGUNE kolaboratzaileen artean dago. Gaurtik hasi eta igandea bitartean, gazteek ikasturtean landutako 200 STEAM proiektu ikusteko aukera izango da Bilboko Areatzan, baita tailerrak, esperimentuak eta zientzia-ikuskizunak ere. Guztira 500 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokan.
Azoka 4 egunetan banatuko da, eta egunero 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako proiektu zientifikoak erakutsiko dituzte. Horrez gain, zientzia-ginkana, esperimentu likatsuak, Matriuska antzezlana eta Adrenalina zientzia-ikuskizuna izango dira, besteak beste. Igandean, berriz, Bizilabe aisialdi tailerretan landutako proiektuak erakutsiko dira.
Sari-banaketari dagokionez, aurten estreinakoz sariak egunero banatuko dira, gazteei etxoletan bertan emango zaie dagokien saria, eta haien berri Elhuyarren sare sozialetan emango da. Jasoko dituzten sariak honako hauek dira: ikerketa-enpresetan egiteko egonaldiak -horietako bi nanoGUNEn-, ikasketa-bekak eta estatuko zein nazioarteko azoketarako bidaiak.
Elhuyar Zientzia Azokaren helburua gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea da, eta ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere. Aurten, hain zuzen, 716 gaztek parte hartu dute (405 neska eta 311 mutil), eta 54 ikastetxek.
Zientzia azokaren webgunean.