Emakumeak Zientzian eman, hartu eskua
Gaur arratsaldean, 200 pertsona inguru elkartu dira Intxaurrondo Kultur Etxean Emakumeak Zientzian ekimenaren 7. edizioari hasiera emateko, jai-giroan, Emakumeak Zientzian ekimenari atxikitako erakunde eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten emakume zientzialari guztiak omentzeko. Helburua hau ikusaraztea da: “zientzia bada nesken kontua”. Gainera, zuzenean aurkeztu da ekimenerako berariaz sortutako himnoa, Janus Lester sortzailearen eta kausaren aliatuaren eskutik.
Jon Insausti Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak (Donostia Kultura) ongietorri egin die bertaratutako guztiei, eta Emakumeak Zientzian koordinazio-taldeak gidatu du ekitaldia. Edizio honetan azpimarratzeko helburu gisa, antolatzaileek nabarmendu dute zer garrantzitsua den gizonen eta emakumeen arteko erantzunkidetasuna zientzia eta teknologia berdinzaleagoa sustatzeko.
Emakumeak Zientzianeko hiru ikerlarik —Ana Beloqui (POLYMAT), Marta Pascual (BC3) eta Marina Kalashnikova (BCBL)— agertokia hartu dute beren bizipen profesionalak partekatzeko. Alaia Martin Etxebeste bertsolariak lagundu die, eta haien testigantzak jaso ditu bertsotan. “Zientzia egiten jarraitzea, erreferente izaten jarraitzeko, inor ikusezin senti ez dadin, ezinbestekoa da”, nabarmendu du Alaia Martinek. Halaber, “zientzia eta teknologiaren alorra emakumeen leku bat dela zientifikoki frogatzen jarraitzeko”, deia luzatu die hiru emakumeei. Denak bat etorri dira esatean Emakumeak Zientzian den bezalako proiektuak ezinbestekoak direla “emakume zientzialariak zientziaren eta teknologiaren arlo guztietan ikusgai jartzeko, bai karrera biosanitarioetan, bai ingeniaritzako, matematikako edo fisikakoetan”.
Ondoren, elkarrizketa labur bat izan da Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Internalizazioko zuzendariarekin, Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Saileko idazkari tekniko ekonomikoarekin eta Ainhoa Aldasoro Donostiako Sustapena – Fomento de San Sebastián-eko Berrikuntza eta Lehiakortasuneko arduradunarekin, Emakumeak Zientzianeko koordinazio-taldeko kide batek moderatua.
Jon Gurrutxagak ideia hau nabarmendu du: “zientziak eta ikerketak funtsezko zeregina dute gizarte gisa gure etorkizuna eraikitzeko eta gure ongizatea eta lehiakortasuna indartzeko, eta emakumeen talentua ezin dugu bazterrean utzi”. “Ez dago errezeta magikorik zientziaren eta teknologiaren eremuan dagoen desoreka-egoera hori aldarazteko, baina funtsezkoa da zientzian eta I+Gan diharduten emakumeen ibilbideak ikusaraztea eta balioestea, genero-estereotipoak haustea, STEAM ikasketak gazteen artean indartzea, lana eta familia bateragarri egiteko erantzukizun partekatuko neurriak hartzea…”, erantsi du Gurrutxagak.
Izaskun Artetxek, berriz, honela adierazi du: “Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea da, pertsona guztientzako gizarte zuzen, orekatu, efiziente eta zoriontsua lortzeko berme gisa”. Era berean, azpimarratu duenez, “azken hamar urteetan egoerak ez du hobera egin, eta guraize-efektuak lehengoan dirau ikerketa-karreran aurrera egitean; ez dute berdin aurrera egiten emakume ikertzaileek eta gizon ikertzaileek”.
Ainhoa Aldasorok nabarmendu duenez, “Donostia ezaguna da zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten duelako, eta beharrezkoa da apustu horretan berdintasunaren erronka sartzea. Donostiako Sustapenan horren alde dugun konpromisoa sendoa da, eta programa eta zerbitzu espezifikoak lantzen ari gara emakumea zientziaren esparruan ikusgai jartzeko eta STEAM bokazio berriak sortzeko gazteen artean”.
Azkenik, denok espero zuten unea iritsi da: ekimenerako berariaz prestatutako himnoaren aurkezpena. Janus Lester artista eta kausaren aliatuak konposatutako himno bat da, ekimenari erritmo alaia emateko, eta, era berean, eskua luzatzen diena aliatu berriei erantzukizunak partekatzeko: “eman, hartu eskua; egin, utzi lekua…”. Musika-plataforma nagusietan eta Emakumeak Zientzianen YouTubeko kanalean eskuragarri dago jada “Ertzak” himnoa.
Emakumeak Zientzian 2023 programaren gune nagusia otsailaren 8tik 17rako astean izango da. Hogeita lau euskal erakundek programa zabal bat diseinatu dute, 50 jarduera eta sorpresaz baino gehiagoz osatua. Era askotako ikerketa-eremuak hartzen dituzte, hainbat zentroren elkarketari esker, ‘zientzia bada nesken kontua’ mezua ahalik eta jende gehienarengana irits dadin eta eragina izan dezan. Edizio honetan, Bizkaiko erakundeen parte-hartzeari esker, zabaldu egin da eremu geografikoa; hala, Gipuzkoan eta Bizkaian gauzatuko da programa, hiriburuetan batez ere.
Aurten, gainera, antolatzaileek deialdi berezi bat egin nahi dute “eta pertsona guztiak gonbidatu jardueretan parte hartzera, edozein dela ere haien generoa, jatorria, lanbidea edo adina”.
Jarduera-programa osoa www.emakumeakzientzian.eus webgunean dago.
Emakumeak Zientzian ekimenaren 7. edizioko 24 erakundeak Euskadiko zientzia- eta teknologia-sarearen lagin adierazgarria dira: Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), Achúcarro, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, Deustuko Unibertsitatea, POLYMAT, Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biodonostia, Ceit, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak - Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Euskadiko Parke Teknologikoak, Tecnalia, Tecnun-Ingeniaritza Eskola, Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta UPV/EHUko Kimika Fakultatea.
Emakumeak Zientzian 2023k Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren eta Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzaren laguntza nabarmena du, baita honako entitate eta erakunde hauen laguntza ere: Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia, ekimenarekin bat egin duten Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez, Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldia, eta Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartea), Aranzadi, Lemniskata sarea, Ikerbasque, Biook eta Donostia Kultura.