Emakumeak Zientzian 2025: ekintza txikiak, aldaketa handiak
Hogeita hamabost euskal erakundek elkarrekin antolatu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren 9. edizioa, 60 ekintza baino gehiagoko programa zabalarekin. Aurtengo edizioaren helburu nagusia "Hazia erein / Siembra la semilla" kontzeptua nabarmentzea da, zientzian berdintasuna lortzeko bidean ekintza txiki bakoitzak aldea nola markatu dezakeen azpimarratuz. Dagoeneko irekita dago ekintzetan izena emateko epea www.emakumeakzientzian.eus webgunean.
Hogeita hamabost euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuarekin, eta, hala, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsiko dute: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Helburu horiek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu dituzte jarduera-programa bat elkarrekin antolatzeko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta (otsailaren 11n izaten da urtero).
Emakumeak Zientzian urtetik urtera hazten eta indartzen joan den proiektu bat da, eta, ekimenaren helburu nagusiak betetzeaz gain, hausnarketa sakona egiten du egoera zientifiko-teknologikoa behar bezala aldatzen laguntzeko. Hala, aurten, “Hazia erein / Siembra la semilla” kontzeptua nabarmendu nahi dugu, eta azpimarratu nahi dugu ekintza txiki bakoitzak markatu dezakeela aldea zientzian berdintasuna lortzeko bidean”, adierazi dute Emakumeak Zientzian proiektuaren antolatzaileek. “Irmoki uste dugu hitzaldi, tailer edo historia partekatu bakoitzak belaunaldi berriak inspiratzeko gaitasuna duela, eta urtean aste bakar batetik harago doan aldaketa ereiteko ahalmena duela”, gehitu dute. Hori guztia bideo batean islatuko da, eta helburua da aldaketaren alde lan egiten duten benetako ahotsak publikoari hurbiltzea, genero-berdintasunari eta erreferente femeninoen zereginari balioa emanez. “Transformazio-hazi txiki horien garrantzia gertutik bizi izan duten pertsonek —ikertzaileak, irakasleak, ikasleak, ikerketa-zentroetako berdintasun-arduradunak eta erakunde publikoetako ordezkariak— emandako lekukotasuna jasotzen du bideoak, eta eguneroko ekintzek etorkizun bidezkoago bat eraikitzeko duten gaitasunari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu”, gehitu dute Emakumeak Zientzian proiektuko kideek.
Batik bat otsailaren 7tik 14ra bitarteko astean egingo dira Emakumeak Zientzian 2025 ekimeneko jarduerak. 60 ekintza baino gehiagoko programa zabala eta askotarikoa diseinatu dute, ekintza kolektibo txikiek, denboran zehar irauten dutenek, eragin eraldatzailea sortzen dutela azpimarratzeko. “Zientzialari baten lanetik hasi eta neskato batengan pizten den jakin-minaren txinpartaraino, ekarpen bakoitza aldaketa erreal, sakon eta jasangarri bat elikatzen duen hazia da”, gaineratu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren antolatzaileek.
Aurten ere, jai-giroan hasiko da Emakumeak Zientzian, otsailaren 6an, Bilbon. Bertan, bideo hori aurkeztuko da, testigantza gehiago partekatuko dira, eta boluntario guztiak eta erakunde batzuetako ordezkariak elkartuko dira. Ekitaldi horretan, Maitena Salinasek Emakumek Zientzian ekimenaren hazia nola sortzen den erakutsiko du, hainbat eragileren parte-hartzearekin.
Egun horretatik aurrera, adin guztietako jendearentzako jarduerak egingo dira. Publiko orokorrarentzat, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur zientzia-ekitaldiak hainbat ikerketa-arlotan lan egiten duten emakumezko zientzialariak bilduko ditu. Profesional horiek eszenatokira igoko dira beren proiektuen xehetasunak partekatzeko eta historiako emakume zientzialari handienetako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarriak eta lorpen zientifikoak kontatuz. Ikasleek ikerketa-zentroetara egin ohi dituzten bisitez eta tailerrez gain, aurten Eskolara itzulera jarduera errepikatuko da. 60 emakume ikertzaile baino gehiago joango dira ikastetxeetako ikasgeletara beren esperientziak kontatzera eta ikasleen artean bokazio zientifikoa pizten laguntzera. Aldi berean, kolektibo espezifikoekin lanean jarraituko da —55 urtetik gorako emakumeekin, esaterako—, eta emakume heldu horiek kulturaren transmisioan duten zeregina nabarmenduko da. Testuinguru horretan, Esperientziaren boterea izenburua duen jarduerari esker, zortzi ikerketa-zentrok ateak irekiko dituzte beren lana erakusteko, esperimentu sinple eta erreplikagarrien bidez, zientzia familietara eta ingurunera hurbilduz. Halaber, mahai-inguruak, gaikako tailerrak eta abar antolatuko dira.
Jarduera-programa gaurtik aurrera egongo da eskuragarri www.emakumeakzientzian.eus webgunean, eta dagoeneko irekita dago ekintzetan izena emateko epea.
9. edizio honetan parte hartuko duten 35 erakundeak zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira Euskadin: Achucarro, BCMaterials, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU Informatika, UPV/EHU Kimika, Aranzadi Zientzia Elkartea, Basque Artifcial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BioBizkaia, Biodonostia, Ceit, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Kutxa Fundazioa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MEGP), Mubil, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnalia, Tecnun, UPV/EHU Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Vicomtech, CIC bioGUNE, ESS Bilbao eta BBD BioPhenix SL-Biobide.
Emakumeak Zientzian ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Arabako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Bilbao Ekintzaren, Salto System-en, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzaren eta Ikerbasquen laguntza berezia jaso du; baita honako erakunde eta organismo hauen laguntza ere: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez, Euskadiko Filmoteka eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Biook, Skills4Science eta Laboratorium Bergara, Emakunde, Lemniksata eta UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza.