"Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia paradigma aldaketa baten alde" nazioarteko kongresua aurkeztu dute
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Txema Pitarke CIC nanoGUNEko zuzendariak eta Lorena Fernández Deustuko Unibertsitateko nortasun digitaleko zuzendariak lagunduta, nanoGUNEren egoitzan egin den prentsaurrekoan aurkeztu dute urriaren 23an eta 24an Donostiako Miramar Jauregian ospatuko den "Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia paradigma aldaketa baten alde" Nazioarteko Kongresua. Iñigo Urkullu Lehendakariak inauguratuko duen kongresu honek nazioarteko adituak bilduko ditu zientziaren eta teknologiaren eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sistematikoki txertatzeko dauden genero-desberdintasunak eta arrakalak eta beharrezko eraldaketak jorratzeko.
Berdintasunerako sailburuak azpimarratu duenez, zientziaren eta teknologiaren eremuan dagoen genero-arrakala ez da mugatzen soilik emakumeek eremu horretan duten presentzia eta ikusgarritasun txikiagora, baizik eta zientziaren ikuskera androzentrikora ere, eta, beraz, paradigma-aldaketa bat behar da berdintasuna modu sistemikoan txertatzeko. "Zientziak eta teknologiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen nola lagun dezaketen aztertzea ere bada kontua", adierazi du.
Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak biltzarraren helburuak aipatu ditu: “arau-esparrua, politika publikoak eta zientziaren eta teknologiaren erronkak berdintasunaren ikuspegitik aztertzea; inplikatutako erakundeen eguneroko jardunean genero-ikuspegia txertatzeko tresna zehatzak ematea; emakumeek zientzian eta teknologian duten zereginaren eta bokazio zientifikoaren aintzatespena sustatzea, bai eta emakumeentzako berdintasunezko eraldaketa digitala, inklusiboa, segurua eta eskuragarria ere; nagusi den maskulinitate-ereduak bikaintasun zientifikoaren nozioan duen eragina jorratzea, bai eta mutilek eta gizonek eremu horretan berdintasunaren aldeko aldaketarako funtsezko eragile gisa duten zeregina ere; eta esku hartzen duten eragile guztien konpromisoa bilatzen duten etorkizunerako proposamenak egitea”.
Bestalde, Lorena Fernandezek zenbait datu eskaini ditu erakusteko emakumeen eta gizonen karrera zientifikoaren bilakaera desberdina. Ikertzaileei buruzko CSICen azken txostenaren arabera, doktoratu aurreko ikerketa-etapan, gizonak % 48,6 dira, eta emakumeak % 51,4. baina euren karreretan aurrera egin ahala, kategoria altuenean, gizonak % 73,8 dira, eta emakumeak, berriz, % 26,2. Eredu hori bera errepikatzen da Zientziari buruzko Euskadiko 2022 Txostenean. Bertan ikusten da emakume gehiago daudela karrera zientifikoen hasieran, baina kopuru horrek behera egiten du kategorietan aurrera egin ahala.
Azkenik, nanoGUNE-ko zuzendari Txema Pitarkek azpimarratu du “ikerketaren arloan berdintasunari dagokionez egiturazko arazo baten aurrean gaudela, sakoneko aldaketak eskatzen dituena, eta kongresu honek aukera paregabea eskaintzen digula elkarrekin lan egiteko eta aliantzak bilatzeko berdintasunaren aldeko herri-itunaren baitan".
Programaren diseinua batzorde zientifikoak egin du. Batzorde zientifiko hori zentro hauetako ordezkariek osatzen dute: CFM, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, POLYMAT, Achucarro, Elhuyar, UPV/EHU eta DEUSTO unibertsitateak eta Ikerbasque, betiere Emakunderekin elkarlanean.
Izen emateko epea zabalik dago: Eman izena orain
Egitarauaren informazio eguneratua: Egitaraua