Euskadiren etorkizun digitalari buruzko topaketa
CIC nanoGUNEk BRTAk antolatutako topaketa batean parte hartu du, teknologia digitalen egungo egoera aztertzeko eta Euskadirentzat eta Europarentzat estrategia argiak ezartzeko arlo honetan. Fèlix Casanova eta Fernando González-Zalba ikertzaileek mahai-inguru batean parte hartu dute, espintronikan eta kuantikan egindako aurrerapenak aurkezteko.
Teknologia digitalei buruzko topaketa urtarrilaren 24an izan da, ostirala, Arrasateko Ikerlanen egoitzan. Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeak, Ikerlan eta Vicomtechekin batera, antolatutako topaketan teknologia digitalen adituek Euskal Herrian egiten den lana erakutsi dute.
Digitalizazioak erritmo bizian egiten du aurrera, industria, energia, mugikortasuna, elikadura eta osasuna bezalako arloak irauliz. Etengabeko eraldaketaren testuinguru horretan, funtsezkoa da egungo errealitatea ulertzea eta jarraitu beharreko estrategiak zehaztea, bai Euskadin, bai Europako gainerako herrialdeetan.
Jardunaldia Rikardo Bueno BRTAko zuzendariaren ongietorriarekin hasi da. Jarraian, BRTAren teknologia digitalen ikerketa-agenda aurkeztu da. Dokumentu estrategiko horrek eremu digitaleko erronka, lehentasun eta irtenbide nagusiak jorratzen ditu, eta digitalizazioak dakartzan erronkei eta aukerei heltzeko ibilbide-orri gisa jarduten du. Jardunaldia gaikako bost mahai-ingururekin amaitu da, teknologia digitalek industriarentzat, akademiarentzat eta gizartearentzat oro har dituzten aukerei eta erronkei buruzko eztabaida aberasgarria ahalbidetuz.
CIC nanoGUNEko Fèlix Casanova eta Fernando González-Zalba Ikerbasque ikertzaileek "Teknologia disruptiboak: kuantika eta espintronika" mahai-inguruan parte hartu dute, Tecnaliako Eneko Osaba eta Xabier Vidal ikerlariekin batera. Casanovak espintronikaren garapenean aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du, Intel multinazionalarekin diseinatzen ari diren MESO teknologia bezalako txip eraginkorragoak ekoizteko. "Egungo silizioaren teknologiaren arazoetako bat energia-kontsumoa da. Gastu globala kontuan hartuta, munduko elektrizitatearen % 8 informazioaren teknologietan erabiltzen da. Hori gertatzen da erabiltzen ditugun gailuek gehiago kontsumitzen dutelako, baina, batez ere, askoz gailu gehiago daudelako, hala nola ordenagailuak, mugikorrak edo zerbitzari erraldoiak, "hodeira" igotzen dugun guztia gordetzen dutenak. Horregatik, % 20 edo % 30 gutxiago kontsumitzen duten txipak diseinatzeak, MESO teknologiarekin planteatzen dugunaren antzera, aurrezpen handia ekarriko luke maila globalean ".
Gonzalez-Zalbak, bere aldetik, azpimarratu du Euskadirentzat aukera aparta dela teknologia kuantikoen ikerketa bultzatzea ordenagailu kuantikoak diseinatzen eta garatzen laguntzeko, horiek konplexutasun konputazional handiko arazoak konpontzen lagunduko digutela agintzen baitigute, hala nola farmako berrien diseinua edo material iraunkor berrien ekoizpena. Ikertzaileak honela azaldu du: "nanoGUNEn silizioaren teknologian oinarritutako txip kuantikoen aldeko apustua egin dugu – gure ordenagailuen, telefono mugikorren edo autoen mikroprozesadoreen parte den bera –, erdieroaleen industriaren manufaktura-azpiegitura erabiltzeko helburuarekin. Teknologia hori etorkizun handiko alternatiba da konputazio kuantikoko beste teknologia batzuen aldean, dagoeneko finkatuta dagoen industria baten – silizioaren industriaren – garapen-, ezagutza- eta gaitasun-urteak aprobetxatuko baititu.
Bertaratutako guztiak bat etorri dira: "ekitaldi hau erakundeen, enpresen eta zentro teknologikoen arteko lankidetzarako topagunea izan da, digitalizazioaren erronkei aurre egiteko elkarlanaren garrantzia azpimarratuz".