Related news by tag Mato Knez
Gazte ikertzaileak trebatzeko Europako bi proiektutan hartuko du parte CIC nanoGUNEk
Europar Batasunaren Trebakuntza Sareetan, munduko hainbat herrialdetako unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta enpresek hartzen dute parte, ikertzaile-belaunaldi berri bat trebatzeko xedearekin. Bikaintasun zientifikoa eta enpresa-berrikuntza bultzatzeko balioko du diru-laguntza horrek, baita ikertzaileen karrera-aukerak sustatzeko ere, haien ekintzailetasuna, sormena eta berritzeko gaitasuna garatuko baitira.
Doktore-titulua ez daukaten eta ikerketako lehen 4 urteak eginak dituzten gazte ikertzaileak trebatzeko dira sare horiek (Early Stage Researcher, ESR ikertzaile esaten zaie gazte horiei). 2018an, lau ESR ikertzaile hasiko dira nanoGUNEn, QuESTech eta HYCOAT proiektuetan, nanoGUNEko Nanogailuak eta Nanomaterialak taldeetan, hurrenez hurren. Lau beka horietako bat eskatzeko aukera zabalik dago zentroaren webgunean: www.nanogune.eu. Elektronika kuantikoaren eta estaldura hibridoen arloetan trebatzeko aukera izango dute gazte ikertzaile horiek.
QuESTech
NanoGUNEko Nanogailuak taldeak “Quantum Electronics Science and Technology training” (QuESTech) proiektuan hartuko du parte, zeinetan Europako aditu-sare bat sortuko baita, elektronika kuantikoaren arloan gazte ikertzaileei abangoardiako trebakuntza eskaintzeko. Proiektu honen helburu nagusia da gailu elektroniko kuantikoak eraikitzea, aztertzea eta sailkatzea. QuESTech proiektuan, 15 ikertzaile trebatuko dira espintronikan, elektronika bakunean, puntu kuantikoetan eta termodinamika kuantikoan. Ikertzaile bakoitzaren ikerketa-proiektuetan, honako garapen teknologiko hauek izango dira kontuan: nanomaterialen hazkuntza, nanoegituraketa, eremu hurbileko mikroskopia, muturreko kondizioen mendeko garraio-neurketa eta kalkulu teorikoak. Dagoeneko, QuESTech proiektuaren emaitza batzuek interes komertziala sortu dute, garabidean dagoen elektronika kuantikoaren industrian.
HYCOAT
Eskala molekularrean diseinatutako material hibridoz osatutako film meheekin aurrerapenak egiteko aukera dago, zenbait arlo garrantzitsutan: ontziratzea eta kapsulatzea, elektronika, bateriak eta aplikazio biomedikoak. Molekula Geruzen Jalkitzea (MLD, Molecular Layer Deposition) da film hibrido ultramehe eta uniformeak hazteko jalkitze-teknika ideala, zeinak zehazki eta era malguan kontrolatzen baititu filmaren lodiera eta konposizio kimikoa eskala molekularrean. NanoGUNEko Nanomaterialak taldeak hartzen du parte HYCOAT Europako Trebakuntza Sarean; sarearen helburua da arlo horietan ondo trebatutako gazte ikertzaile multzo bat osatzea, MLD teknologiaren alderdi guztietan ezagutza sakona izatea, eta estaldura hibridoek izan dezaketen aplikazioari buruzko ikuspegi zabala.
Jose María Pitarke nanoGUNEko zuzendariak dionez, “halako proiektuek izen ona ematen dute nazioartean; ona da, beraz, bai doktoratu aurreko ikertzailearentzat (zeina talde bikain batean trebatuko baita), bai harrerako erakundearentzat (zeinak nazioarteko ikertzaileak hartzen baititu, Europako doktoretza-programa lehiakorrenetako batekin)”. “Gainera —dio Pitarkek—, halako proiektuetan parte hartzeak ateak zabaltzen dizkie etorkizuneko beste proiektu batzuei. Garrantzi handia ematen diote horri Europako Batzordeak eta ikuskatzaileek, finantziazioa emateko garaian”. Azkenik, “aukera ematen du harreman-sare berriak sortzeko, eta onuragarri dira gazte ikertzaileentzat, partzuergoko erakundeekiko lotura handiak sortzen baitira, harremanak aurrera egin baitezake eta onurak ekar baititzake baita programa amaitutakoan ere”, erantsi du.
Itsasoetan plastikoen presentzia murrizteko eta saihesteko erronka soziala eztabaidagai
Gure ozeanoetan plastikoen eta mikroplastikoen presentzia murrizteko eta saihesteko erronka soziala zeharka eta modu irekian aztertu zen, egun eta erdiko europar jardunaldi horretan. Mikroplastikoak plastiko txiki-txikiak dira, hiru dimentsioetan 5mm baino txikiagoak direnak eta ozeanoetako biztanleek erraz irentsi ditzaketenak. Zehatzago esanda, hiru helburu nagusi hauek lortu nahi ziren: ozeanoaren egoera eta egungo ondorioak ulertzea, konponbide posibleak partekatzea eta gai horri buruz dauden arazoak eta oztopoak identifikatzea, erronka hori lortzeko moduko errealitate bat bilaka dadin.
Europa osotik etorri ziren parte-hartzaileak: Portugaletik, Greziatik, Alemaniatik, Esloveniatik… eta esparru ezberdinetako jendea bildu zen jardunaldian: zientzia, teknologia, industria, eragile politikoak eta gizartea oro har. Esparru horiek ordezkatuz egon ziren, esaterako, Europako Batzordearen Itsas eta Arrantza Gaien Zuzendaritza Nagusia (DG MARE), Nestlé España, Duni eta SUEZ enpresak eta unibertsitateetako ordezkariak (UPV, Salerno (Italia), Leuphana (Alemania), eta abar), ikerketa-zentroak eta Europako GKEak.
17 parte-hartzaileko taldeak honako galdera hau egin zuen: zeintzuk dira ozeanoetako plastikoak eta mikroplastikoak murrizteko edota prebenitzeko beharrezkoak diren ekintzak? Europar Batasuneko erabilera bakarreko plastikozko produktuen produkzioan, material horien birziklatzean, herrialde azpigaratuei "zaborra" esportatzeko kuotetan eta errausketarako aukeretan oinarrituta, hurrengo 5 urteetan plastikoa murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko beharrezkoak diren ekintzak identifikatu zituzten. Horretarako, erraz eskuratzeko moduko informazio gardena sortu behar zela nabarmendu zuten eta, ekonomia zirkularraren garrantzia azpimarratu zuten. Azken horrek plastikozko zaborraren erabilera lehengai gisa erabiltzea proposatzen du, plastikozko produktu berriak ekoizteko. Gainera, ildo horretan, etiketa ekologiko bat sortzea proposatu zuten, informazio ulerterraz eta gardena eskainiz kontsumitzailea produktu edo ontziratze horren eragin globalaren jakitun izateko.
Mota honetako jardunaldiak Europako Batzordearen ikerketaren eta berrikuntzaren estrategia baten baitan daude. Estrategia horren helburua da gaur egungo gizartearen erronka konplexuak zeharka jorratzea gizartearen beharrekin eta itxaropenekin hobeto lerrokatzen diren irtenbideak eraikitzeko. NanoGUNEko Nagore Ibarra Gonzalez eta Mato Knez ekitaldiaren koordinatzaileen hitzetan, "jardunaldi horiek ikerketa eta berrikuntza jasangarriak bermatzen laguntzen dute gizakion, ingurumenaren zein ekonomiaren arloan". Ekitaldia oso positiboki baloratu dute antolatzaileek eta parte-hartzaileek, eta "interes handia erakutsi dute ildo horretan lanean jarraitzeko eta erronka horri erantzuteko konpromisoa hartzeko", gaineratu dute.
Plastikoaren ordezkoak nanoGUNEn
Plastikoren ordezkoak aurkitzeko kontzientzia sozialarekin bat eginez, ontziratze erabat biodegradagarria eskaini dezakeen teknologia baten aldeko apustua egin du nanoGUNEk. Ainara Garcia Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziako arduradunak azaldu duenez, "esnearen kaseina bezalako azukre edo proteina naturalekin zuntz-egiturak sortzeko gaitasuna duen teknologia bat garatu dugu". Garatutako konposatu horiek, adibidez, zuzenean elikagaien ontziratzean erabil daitezkeen film bilaka daitezke, ontziratzeko plastikoa ordezkatuz. Era berean, erabilera bakarreko ontziratzeko plastikoa ordezkatzeko beharra ikusita, begiradak kartoizko ontziratze baterantz doaz. "Gure teknologiak — azaldu du Garcia Gallasteguik — kartoiaren gainean erabat biodegradagarria den estaldura bat eskaini dezake, elikagaiaren eta ontziratzearen gainazalaren artean behar diren propietateak eskainiz". Azken batean, "erronka da plastikorik gabeko ontziratze bat sortzea, baina bere funtzionaltasun osoa mantenduz" gehitu du.
Elkarrizketa edo eztabaida horren guztiaren emaitzak eta bateratzea laster argitaratuko dira webgunean: https://www.nanogune.eu/event/plastics-our-ocean-micro-or-macro-challenge
Kautxua optimizatzeko elkarlanean dihardute CIC nanoGUNEk eta CIKAUTXOk
Kautxua elastomero-mota bat da, oso erraz deformatzeko gai diren polimero elastikoak. Elastomeroen ezaugarri nagusia da material horiek hautsi aurretik elongazio edo elastikotasun eta malgutasun handia dutela.
Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK Arlo Estrategikoetako Lankidetza Ikerketarako Laguntzen Programaren barruan dago proiektua. Hiru proiektu-mota finantzatzen dira, eta 2. motako proiektuetan kokatzen da hau. Proiektu horiek industria-potentzial handia duten ikerketa-proiektuei dagozkie.