Related news by tag Research management

NanoGUNEk UNE 166002:2014 araua jarraitzen duen I+G+Bren kudeaketa-sistema ziurtatu du

Ikerketaren kudeaketa eta teknologiaren transferentzia bikain egiteagatik jaso du ziurtagiria nanoGUNEK. Gainera, nanoGUNEn ezarri den sistemak kudeaketaren kalitatea eta hobekuntza jarraia hartzen ditu ardatz gisa, azken helburua Euskal Herria nanozientziaren ikerketaren abangoardian kokatzea delarik.

Sistema honen helburua da I+G+B jarduerarekin erlazionatutako prozesu guztiak optimizatzea eta eraginkorrago bihurtzea. Horretarako, nanoGUNEk kudeaketa politika bat garatu du; baita zenbait prozesu eta jardunbide ere, zentroan garatzen diren ikerketa proiektuen kudeaketa eraginkorra bermatzeko.

Jose Maria Pitarke, nanoGUNEko zuzendariak, azpimarratu du “ikerketa bikaina egiteko eta nanoteknologiaren garapenak eskain ditzakeen aplikazioak eta aukerak etengabe bilatzeko konpromisoa hartu dugu, horrela Euskal Herriaren lehiakortasuna areagotuz eta gure interesdunen nahia asez. Gure interesdunen artean hauexek ditugu: gure langileak, tokiko industria, erakunde publikoak eta, oro har, herritarrak. Horretarako, jardunbide onenen bila ari gara etengabe eta kasuan kasuko eskakizunak betetzen ditugu; bereziki, UNE 166002:2014 arauaren ondoriozko eskakizunak, arau hori baita gure I+G+B kudeaketa-sistemaren oinarria”.

SGS

SGS enpresa mundu mailan aitzindaria da ikuskapen, egiaztapen, entsegu eta ziurtapenetan. Munduko erreferente nagusia da kalitateari eta osotasunari dagokionean, eta 90.000 langile baino gehiagok eta 2.000 bulego eta laborategi baino gehiagok osatutako sare bat du munduko herrialde ezberdinetan sakabanaturik. Betiere helburua da enpresei nork bere zerbitzuak eskaintzea arriskuak mugatzeko, prozesuak arrazionalizatzeko eta modu eraginkorrago batean lan egiteko.