Related news by tag TECHNOLOGY TRANSFER

nanoGUNE Packaging Clusterreko partaide da

Klusterra teknologia hedatzeko tresna bikaina da gaur egungo ontzi-ekoizleentzat, eta, horretarako sektore horretako plastikoaren erabilera mugiaraziko duen proposamen bat helarazten die nanoGUNEk. Izan ere, nanoGUNEk proteina-egiturak sortzeko gaitasuna du proteina naturaletatik abiatuta, esaterako, esnearen kaseinatik abiatuta. Irute-konposatu horiek ontziratze-filmak ordezkatu ditzakete, eta, era berean, konposatu natural guztiz biodegradagarriak dira. Une honetan, nanoGUNE bazkide bila ari da, hain zuzen ere, gizartean eragin handia duen proiektu honetan sinesten duten eta garapenean lagun dezaketen bazkide bila.

2012an Kataluniako enpresek osatua, Packaging Clusterrak 73 kide aktibo biltzen ditu gaur egun, enpresen, jakintza-zentroen eta ontziaren munduan lan egiten duten erakundeen artean. Packaging Clusterraren helburu nagusia da osatzen duten enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea, ontziko eta enbalajeko konpainiei eta erakundeei negozio gehiago eta hobeak sortzeko.

NanoGUNEk BerriUp eta Graphenearekin bat egin du Global Graphene Call deialdia martxan jartzeko

CIC nanoGUNEk, BerriUp-ek —Donostiako startupen azeleragailua— eta Grapheneak —grafenoa ekoizten eta merkaturatzen duen nanoGUNEko lehen startup-a— lankidetza-hitzarmen bat sinatu dugu grafenoaren ikerketarekin lotutako proposamenak bultzatzeko. Horretarako, Global Graphene Call izeneko deialdia jarri dugu martxan lehen aldiz, grafenoarekin lotutako enpresa-ideiak garatzeko.

Parte-hartzaileek beren proiektuak eta egiazkoak aurkeztu beharko dituzte, eta parte hartzeko beharrezkoa da proiektua osorik erregistratzea horretarako prestatutako online galdetegian. Proiektuak bidaltzeko epea 2020ko otsailaren 24an hasi eta 2020ko apirilaren 12an bukatuko da, biak barne.

Hautatutako finalistek azelerazio pertsonalizatuko programa bat izango dute BerriUp-en egoitzan, 2020ko ekainetik abuztura bitartean. Halaber, Graphenearen materiala eskuratzeko eta nanoGUNEren ekipamendu zientifikoa erabiltzeko aukera izango dute.

GraphenePioneer enpresak irabazi du Global Graphene Call deialdiaren 1. edizioa

GraphenerPioneerrek grafenoaren potentziala aprobetxatu nahi du, hormigoi hobetuaren bidez mundu hobea sortzeko. Hormigoi hori oso indartsua da, eta CO2-aren emisio globalak % 4 murriztu ditzake. Egitura seguruagoetarako erabil daiteke, eta beste propietate batzuk izan ditzake, hala nola berokuntza, detekzioa, eroankortasuna, etab. Horretarako, diziplina anitzeko talde bat du, grinaren, zehaztasunaren eta erantzukizunaren funtsezko balioez arduratzen dena.

GraphenerPioneerrek azelerazio-programa pertsonalizatua izango du 2020ko ekainetik abuztura bitartean, BerriUp —enpresen azelerazioan adituak—, CIC nanoGUNE —nanozientziako euskal ikerketa-zentroa— eta Graphenea —grafenoaren ekoizpenean munduko liderra den nanoGUNEko lehen startup-a— enpresek egituratua. Hiru erakunde horien laguntzari esker, enpresak coaching pertsonalizatua jasoko du grafenoan oinarritutako produktuak merkaturatzeko.

Lehenengo aldia da CIC nanoGUNE, BerriUp eta Graphenea elkartzen direna grafenoarekin lotutako enpresa-ideiak garatzeko, alegia, Global Graphene Call deialdia bultzatzeko.

CTECHnano, nahierarako konponbideak industriarentzat

Thin-film coatings edo "geruza meheko estaldurak" deritzen alorrerako konponbideak eskaintzen ditu nanoGUNEren ekimenez eta, AVS eta Cadinox enpresekin elkarlanean, berriki sortutako CTECHnano enpresak. Geruza atomikoen jalkitze-teknologietan (ALD, Atomic Layer Deposition) espezialista da enpresa, eta lantalde oso trebatua du, bezeroaren premiei erantzuteko prestatua.

"Prozesuak eta produktuak garatzeko konponbideak eta aholkularitza ematea enpresei, hori da helburua, bai eta garapen hori euren instalazioetan egiteko tresnak edo baliabide teknikoak ere eskaintzea", adierazi du nanoGUNEko Nanomaterialen Saileko buru eta CTECHnanoren aholkulari zientifiko den Mato Knezek Ikerbasque ikerlariak.

CTECHnanoren bezeroen profila, berriz, hau da: geruza meheko estalduren alorreko premiak asetzeko edo prozesuak eta produktuak hobetzeko konponbide berritzaileak behar dituena. “Merkatu berriak zabaltzeko berrikuntzan oinarritzen diren sektoreak ditugu helburu. Izan ere, duela hogei edo berrogeita hamar urte bezalaxe ekoizten dute sektore askok", dio Mato Knezek. "ALD teknologiaren bidez industria horiei berritzen laguntzea da gure eginkizuna. Materialen funtzionalitate eta propietateak egokitu eta hobetu egin daitezke berrikuntza aplikatuta, eta produktu berriak sortu", gaineratu du. Eskarmentu handia du CTECHnanok zenbait materialetan ALD teknologia aplikatzen. "Material berriak garatzeko bere neurrirako konponbidea behar badu bezeroren batek, guk eskaini egiten diogu, horretarako aukerarik baldin badago behintzat. Badugu laginak estaltzeko behar den tresneria, bai eta nanoGUNEko Nanomaterialen Sailaren eskarmentua ere, teknologia horren erabileran eta garapenean erreferentea", dio Knezek.

Zergatik erabili behar den ALD teknologia?

Materialen propietateak aldatzeko aukera ematen du ALD teknologiak. Substratuaren gainean jalkitzen da nanometro gutxiko geruza mehe bat, eta haren azalera osoa estaltzen du. Jatorrizko materialaren propietateetako askori bere horretan eusteaz gain, beste propietate batzuk bereganatu ere egiten ditu materialak estaldura-mota horiei esker.

Nahi den lodiera horretan film meheak eskala atomikoan jalkitzeko metodo oso doia eskaintzen du ALD teknologiak. Gainera, berehala garatzen dira material desberdinetako geruza anitzeko egiturak. Mikroelektronika eta nanoelektronika modernoetan erabiltzen da, dagoeneko, teknologia hori, prozesuaren doitasuna eta erreproduzigarritasuna direla eta. Normalean, beste jalkitze-prozesu batzuek baino tenperatura baxuagoetan egiten du lan ALD teknologiak; adibidez, hutseko jalkitze-prozesuek, lurrun bidezko jalkitze kimikoak (CVD, Chemical Vapour Deposition), lurrun bidezko jalkitze fisikoak (PVD, Physical Vapour Deposition) eta lurruntze termikoak baino baxuagoetan. Substratu hauskorrekin lan egiteko aukera ematen dute, gainera, prozesatze-tenperatura baxuek; besteak beste, lagin biologikoekin edo polimerikoekin. Alde txiki baina garrantzitsu hori dela eta, ALD teknologia hautatu ohi da zenbait aplikazio berritarako; adibidez, elektronika malgurako eta material konposatuen diseinurako.

Lantalde bikaina

Profesional oso trebatuak ditu enpresa horrek. nanoGUNEren ekimenez sortu zen CTECHnano; ondoren, proiektuarekin bat egin zuten AVS eta Cadinox enpresek. Teknologiamerkatuetan ekipamendua diseinatzen, fabrikatzen, txertatzen, probatzen eta entregatzen eskarmentu handia dute AVS eta Cadinox enpresek. "Bazkide sendo eta idealak dira, biak ala biak, CTECHnanorentzat", dio enpresa proiektuaren buru den David Talaverak. "Hau da garrantzitsuena: bezeroen beharretara egokitzeko gaitasun zientifikoa eta teknologikoa dugu

denok elkarrekin jardunda, eta guztiontzat da hori mesedegarri", adierazi du Talaverak.

CTECHnano helbidea www.ctechnano.com da.

CIC nanoGUNE

Donostiako nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboa xede honekin sortu zen: nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egitea, Euskal

Herriko ekonomiaren lehiakortasuna areagotzeko.

AVS

Sektore hauetarako egiten du ekipamendu zientifikoa AVS enpresak (Added Value Solutions): astrofisikaren eta partikulen fisikaren alorretarako, sektore aeroespazialerako, neutroi-iturrietarako eta X izpien arlorako. Goi-doikuntzako tresneria diseinatzen eta egiten du AVSk zenbait sektore zailetarako; besteak beste, huts ultragoiarekin, erradiazioarekin, eremu magnetiko handiekin eta tenperatura kriogenikoekin jarduteko. Tresnak diseinatzeaz eta egiteaz gain, muntatu, azken probak egin eta entregatu ere egiten ditu, EN 9100 arauen arabera. Goi-mailako eduki teknologikoko aplikazioetarako konponbide eraginkorrak, fidagarriak eta berritzaileak eskaintzen ditu AVSk. Enpresa irekia, malgua eta sortzailea da, eta beti dago prest proiektu berriei ekiteko eta desafio berriak bereganatzeko.

CADINOX

Enpresa familiarra da CADINOX, eta 1966az geroztik ari da osagai mekanosoldatuak egiten instalazio berezi eta konplexuetarako. Hona lantegiaren ezaugarriak: Belauntzan dago; 8.600 m2ko azalera estalia dauka; 65 tonarainoko manipulazio-ahalmena du, eta 65 laguneko profesional-taldea, ongi trebatua. Konponbide osoak eskaintzeko behar diren prozesu guztiak egiten ditu: ebaketa, konformazioa, soldadura, prozesu horiei dagozkien saiakuntza ez-suntsitzaileak, gainazalen tratamendua eta azken mekanizatua. Azken probak eta muntaketa mekanikoko probak ere egiten ditu.

Ikerketa eta merkaturako transferentzia bultzatzeko hitzarmen bat

Fundazioaren presidenteak azaldu duenez, “Fundación Barriéren Zientzia Funtsa 'eginez ikastea eta hobetzea' filosofian oinarritzen da; baliagarri izan da praktikaren bidez egiaztatutako metodologia bat diseinatzeko, garatzeko eta baliozkotzeko tresna gisa, eta, orain, nanoGUNEren esku utziko dugu, erabil dezan. Hala, erabat betetzen dugu gure helburua: beste eragile batzuek erabiltzeko moduko bide berriak diseinatzea eta modelizatzea". Zientzia Funtsa 2011n sortu zen, eta, haren bidez, metodologia bat ezarri nahi da eta zubiak eraiki nahi dira bikaintasuneko ikerketaren eta merkatuaren artean, bikaintasuneko ikerketa merkatura irits dadin eta merkatuak patente, lizentzia, enpresa-kontratu eta abarren bidez itzul dezan."Hitzarmen honen helburua da metodologia bat, bide-orri bat, abiaraztea eta egokitzea, gure inguruneko ikerketa-emaitzen garapen- eta merkaturatze-prozesuan lagunduko duena”, adierazi du Jose M. Pitarkek.“Egia bada ere emaitzak askotarikoak direnez eta oso merkatu desberdinetako aplikazioak dituztenez ez dagoela errezeta berdingaberik transferentzia teknologikoaren arloan, baliabide honek aukera ematen digu alor jakinetan baliagarriak izan diren esperientzien berri emateko eta gure garapen propioetara egokitzeko”, erantsi du.

NanoGUNEren eta Fundación Barriéren arteko hitzarmen honi esker, nanoGUNEko ikertzaileen arabera egokitu daitekeen bide-orri horri jarraitu ahal izango dio Donostiako ikerketa-zentroak. Hitzarmenaren bidez, emaitzak merkatura transferitzeko prozesuen ezaugarrien eta baldintzen inguruan duten jakintza sakondu ahal izango dute ikertzaileek, ikerketa-proiektuak diseinatzen diren unetik bertatik zer transferentzia-aukera dauden aurresan eta aurreikusi ahal izan dezaten.Horregatik, "gure asmoa da metodologia hori ezagutzea eta gure ikertzaile guztiei helaraztea, gure zentroan bertan aurreikusten has daitezen zer behar eta zailtasun aurkituko dituzten merkaturagarri izan litezkeen emaitzek, eta, hala, errazagoa izan dadin haiek garatzea", azaldu du Pitarkek. Bestalde, nanoGUNEk duen lankidetzazko izaera dela eta, "metodologia hau lankidetza-proiektuetan sartuko dugu, bai I+G eta garapen teknologikoa bultzatzeko euskal programen bidez (Eusko Jaurlaritza, GFA), bai ustiapen komertziala kontuan hartzen duten nazioarteko programen bidez (Horizon 2020)", amaitu du Pitarkek.

Berrikuntza sustatzeko Zientzia Funtsa

Galiziako ikerketa-sisteman izen handiko ikertzaile eta zientzialariek sortzen dituzten eta merkaturatze-aukerak dituzten emaitza zientifiko-teknologikoen balorizazioko, kontzeptu-probetako eta merkaturatzeko faseak finantzatzen ditu Fundación Barriéren Zientzia Funtsak. Horrez gainera, bazkide estrategiko gisa jarduten du fundazioak ikerketa-emaitzen balorizazioan, ustiapen komertzialean eta gizarteratzean, eta, horretarako, nazioarteko aditu-talde baten aholkularitzaz baliatzen da (besteak beste, Oxfordeko Unibertsitateko teknologia-transferentziaren enpresa, ISIS Innovation). Prozesu osoan, fundazioak oso hurbiletik laguntzen eta babesten du lantaldea, fase guztietan, negozio-adimena, kudeaketa-gaitasuna, analisia eta estrategiaren profesionalizazioa eskaintzen baitizkio eta proiektuaren zerbitzura jartzen baitu 50 urtean fundazioak lortu duen kontaktu-sare osoa. Emaitza gisa, Zientzia Funtsak —hasiera batean 5,5 M€-z hornitua— bost proiektu lagundu ditu, guztira 3 M€ inguruko inbertsioarekin, eta haietatik lau proiektu daude gaur egun indarrean . Bi proiektutatik sortu dira startup-ak, eta beste bi baliozkotze komertzialaren fasean daude.

Hainbat neurri enpresen nanoteknologiako eskaria handitzeko

Nanotransfer proiektuaren ondorio nagusietako bat da nanoteknologiek datozen urteetan sektore askotan hartuko duten presentzia eta duten iragazkortasuna. Partzuergoa osatzen duten sei erakundeetako ikertzaileen iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoak nanoteknologien garapenean sakontzen jarraitu behar du eta enpresa esparrura eraman behar ditu teknologia horiek. Proiektuaren azken txostenaren arabera, beste teknologia batzuek, esate baterako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek edo bioteknologiek ez bezala, nanoteknologiek ez dute beren sektore berezia osatuko. Aitzitik, sektore guztietan txertatuko dira. Horregatik, azpimarratzen du proiektuak, ezinbestekoa da merkaturako transferentzia eta ikerketan egindako aurrerapenak merkatuan ustiatzea erraztea.

Euskal Autonomia Erkidegoa erdi mailan kokatuta dago nanozientzietan eta nanoteknologietan sortzen diren patenteen kopuruari begiratuta, Europar Batasuneko 28 herrialdeak aztertzen baditugu. Hala ere, teknologia horiek industria prozesuetan eta produktuetan aplikatzeari begiratuta, egoera ahulagoa da. Nanoteknologiak industrian txertatzeko sarrera hesi nagusiak dira ekipamendu eta tresna bereziak behar izatea, enpresek egin behar dituzten inbertsioak eta langile kualifikatuen eskasia.

Nolanahi ere, nanoteknologiak txertatzen hasi den euskal enpresen % 60k dio produktu berria edo hobetua lortu duela, eta % 30ek dio ekoizpen prozesu berriak edo hobetuak lortu dituela.

Nanotransfer proiektuak nolabaiteko tamaina duten eta ibilbide sendoa duten enpresen garrantzia aitortzen du, enpresa horiek I+Gko jardueretan inbertsioak egiteko gaitasun handiagoa duelako eta horrela, nano eta mikroteknologien garapena bultza dezaketelako. Beste esparru batzuetan, ordea, esate baterako, biozientzietan, sektoreari bultzadarik handiena enpresa sortu berriek (start-upek) ematen diote, eta horiek loturak dituzte unibertsitateekin eta ikerketa zentroekin.

Nanozientziak eta nanoteknologiak Euskal Autonomia Erkidegoan

Euskadin nanozientzien eta nanoteknologien egoera aztertu nahi izanez gero, hainbat enpresa mota bereizi beharko genituzke. Zehazki, hiru multzo handi bereiziko ditugu:

  • Nanomaterialak:tamaina handiko enpresak dira, nagusiki metalurgiakoak, kimikakoak eta plastikoen ekoizleak.Merkatuan enpresa helduak dira eta produktua berritzeko jarduerak eramaten dituzte aurrera.
  • Nanobioteknologia:multzo honetan enpresa gazteagoak daude, dimentsio txikiagokoak. Spin-off moduan bultzatu dituzte farmazia industriek, ikerketa zentroetan edo unibertsitateetan. Oso enpresa intentsiboak dira I+Gn, eta nanoteknologiak produktuetara eramaten dituzte.
  • Mikro-nanoelektronika: tamaina ertaineko enpresek osatzen dute multzo hau, eta mikro edo nanoteknologiak beren produktuetan txertatu dituzte.

Nanoteknologiako jardueraren bat duten enpresen hiru laurdenak industria sektorekoak dira eta gainerako laurdena, berriz, zerbitzuen sektorekoa. Nanoteknologiako ondasunen eta zerbitzuen hartzailea ere industria da funtsean, batez ere, manufaktura aurreratua deiturikoa. Geografiari dagokionez, nanoteknologiek garrantzi handiagoa dute Gipuzkoan eta haren atzetik, Bizkaian. Gipuzkoa espezializatuagoa dago nanomaterialetan, nanoelektronikan eta nanointrumentazioan; Bizkaia, berriz, nanobioteknologian.

Ondorioak

Nanotransfer proiektuak azpimarratzen du behar-beharrezkoa dela enpresek teknologia horiek xurgatzeko duten ahalmena handitzea eta transferentzia mekanismo egokiak bultzatzea nanozientzietako eta nanoteknologietako testuinguru bakoitzean. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak aukera du zientzia eta teknologiako gaitasunen kontzentrazio geografiko bat izateko, baina gaitasun horiek enpresa esparrura eraman behar dira. Horretarako, proiektuko ikertzaileek gomendatzen dute industria horretan jakintza zientifikoko oinarria duten profesionalak hartzea, nanozientzietan eta nanoteknologietan egindako garapenak eta merkatuko aplikazioa lotzen lagunduko dutenak. Ildo horretatik, zientzia eta teknologiako eragile desberdinen arteko benetako lankidetzan oinarritutako transferentzia mekanismoak sustatzea proposatzen dute, azpiegiturak partekatzea eta langileak mugitzea.