Related news by tag Microscience services
Novaspider, patente-eskaeraren bidez berriki babestutako teknologia berritzailea
NovaSpider-ek sortutako egituren aplikazio-eremuak askotarikoak eta etorkizun handikoak dira. Ekipoak aukera ematen du material konposatu sendoak, arinak, porotsuak eta azalera espezifiko handikoak diseinatzeko, nanozuntz polimerikoetatik abiatuta. Nanozuntz horien izaera, diametroa, itxura eta morfologia erraz eta eraginkortasunez modulatu daitezke. Horrelako egiturek interes handia pizten dute hainbat eremutan, hala nola birsorkuntza-medikuntzan, ehunak birsortzeko aldamio gisa erabiltzen baitira; biomedikuntzaren alorrean, egitura horiek funtzionalizatu egiten dira, eta erabiltzen dira botikak modu kontrolatuan askatzeko eta zauriak babesteko; eta energiaren sektorean, non superkondentsadoreetan katalizatzaile gisa zer funtzio duten aztertzen baita.
Era berean, ehungintzan eta paketatze-sektorean duen aplikazioa azpimarratu behar da. Izan ere, lortu nahi da elikagaien kontserbazioa hobetzea eta material plastikoen ordez material biodegradagarriak erabiltzea. Orain arte probatutako lagin-bankua zabala da: azukreak, proteinak, kolagenoa, gelatina, zelulosa, etab. Teknologia oso moldakorra dela erakusten du horrek. Material horiek, paketatze-kartoiaren gainean jarrita, kartoiak elikagaiekin kontaktuan jartzeko behar dituen hesi-propietateak eskaintzen dituzte. Hala, orain arte film plastikoak eskaintzen zuen funtzioa ordeztu nahi dute, eta, horren ordez, erabat biodegradagarria den estaldura bat jarri.
Elektrospinnig-ean aditua den Wiwat Nuansing doktoreak eta mekatronikan espezializatua den Javier Latasa ingeniariak —zeina ikertzaile baita Alexander Bittner nanoGUNEko Ikerbasque ikertzailea buru duen Automihiztadura Taldean— azken urtetan egindako lanaren emaitza da proiektua. 3D inprimaketa-industriako adituen laguntzari esker, estandar altuenak betetzen ditu ekipoak, eta sektoreko azken aurrerapen teknologikoak barneratu ditu.
Nova Spider ekipoak FDM/FFF inprimaketa aditiboko teknologia integratzen du nanozuntz elektrospinning disoluzioak eta melt electrospinnig disoluzioak ekoizteko teknikekin:
- FFF teknologia (edo FDM: material urtua jalkitzea) gaur egun oso ezaguna den termoplastikodun piezak fabrikatzeko prozesua da. Metodo horrek material urtua geruzaz geruza pixkanaka jalkitzen du, eta hozten denean solidotzen da, nahi den objektua sortuz.
- Elektrospinning teknika disoluzio bati, oro har disoluzio polimerikoa, indar elektrostatiko bat aplikatzean datza; disoluzioaren eta aurrez aurre dagoen kolektore baten artean tentsio handia aplikatzean induzitutako eremu elektrikoak eragindako indar elektrostatiko, alegia. Horren ondorioz, zuntz jarraitu bat kolektorearen kontrako zorrotada moduan irteten da disoluziotik, eta han nanozuntz desordenatuko mintz bat lortzen da, ehundu gabea.
- Azkenik, Melt-electrospinig teknika aurrekoaren aldaera bat da. Disolbatzaileak erabili beharrean, material termoplastikoa berotu egiten da egoera likidora eraman arte. Aurreko kasuan bezala, indar elektrostatiko baten ondorioz, zuntz jarraitu bat material likidotik ateratzen da. Kasu horretan, mikra baino diametro handiagoa du zuntzak, eta ibilbide zuzena izatea lor daiteke. Horri esker, zehatz kontrola dezakegu haren jalkitzea, eta, beraz, nahi ditugun patroiei jarraituz mikrozuntzezko egiturak erreproduzitu ditzakegu.