Related news by tag NANOMATERIALS
MYRUNS euskal enpresa teknologikoa Evolgene Genomics bioteknologikoaren bazkide nagusi bihurtu da
Erosketa honekin, MYRUNS enpresa Evolgene Genomics-en bazkide nagusia bilakatzen da, biomasen tratamenduan, balio erantsi handiko biomaterialetan eta energia garbien ekoizpenerako belaunaldi berriko bioerregaietan ere aurrera egiteko helburuarekin. "Evolgene Genomics-ek antzinako entzimen zorroa du dagoeneko, eta hainbat enpresak erakutsi dute teknologiarekiko interesa", esan du García Roldánek.
Nanomaterialen garapena ondare kulturala zaintzeko
Ondare kulturala kontserbatzeko eta eraikuntzaren industrian erabiltzeko estaldura babesleak garatzea erronka erabakigarria da. Estaldura horiek, erresistenteak eta iraunkorrak izateaz gainera, bateragarriak izan behar dute, eta zailak ingurumen-kondizio gogorrei dagokienez (hezetasuna, aldaketa termikoak eta kutsadura atmosferikoa).
CTECHnano, nahierarako konponbideak industriarentzat
Thin-film coatings edo "geruza meheko estaldurak" deritzen alorrerako konponbideak eskaintzen ditu nanoGUNEren ekimenez eta, AVS eta Cadinox enpresekin elkarlanean, berriki sortutako CTECHnano enpresak. Geruza atomikoen jalkitze-teknologietan (ALD, Atomic Layer Deposition) espezialista da enpresa, eta lantalde oso trebatua du, bezeroaren premiei erantzuteko prestatua.
CTECHnanoren bezeroen profila, berriz, hau da: geruza meheko estalduren alorreko premiak asetzeko edo prozesuak eta produktuak hobetzeko konponbide berritzaileak behar dituena. “Merkatu berriak zabaltzeko berrikuntzan oinarritzen diren sektoreak ditugu helburu. Izan ere, duela hogei edo berrogeita hamar urte bezalaxe ekoizten dute sektore askok", dio Mato Knezek. "ALD teknologiaren bidez industria horiei berritzen laguntzea da gure eginkizuna. Materialen funtzionalitate eta propietateak egokitu eta hobetu egin daitezke berrikuntza aplikatuta, eta produktu berriak sortu", gaineratu du. Eskarmentu handia du CTECHnanok zenbait materialetan ALD teknologia aplikatzen. "Material berriak garatzeko bere neurrirako konponbidea behar badu bezeroren batek, guk eskaini egiten diogu, horretarako aukerarik baldin badago behintzat. Badugu laginak estaltzeko behar den tresneria, bai eta nanoGUNEko Nanomaterialen Sailaren eskarmentua ere, teknologia horren erabileran eta garapenean erreferentea", dio Knezek.
Zergatik erabili behar den ALD teknologia?
Materialen propietateak aldatzeko aukera ematen du ALD teknologiak. Substratuaren gainean jalkitzen da nanometro gutxiko geruza mehe bat, eta haren azalera osoa estaltzen du. Jatorrizko materialaren propietateetako askori bere horretan eusteaz gain, beste propietate batzuk bereganatu ere egiten ditu materialak estaldura-mota horiei esker.
Nahi den lodiera horretan film meheak eskala atomikoan jalkitzeko metodo oso doia eskaintzen du ALD teknologiak. Gainera, berehala garatzen dira material desberdinetako geruza anitzeko egiturak. Mikroelektronika eta nanoelektronika modernoetan erabiltzen da, dagoeneko, teknologia hori, prozesuaren doitasuna eta erreproduzigarritasuna direla eta. Normalean, beste jalkitze-prozesu batzuek baino tenperatura baxuagoetan egiten du lan ALD teknologiak; adibidez, hutseko jalkitze-prozesuek, lurrun bidezko jalkitze kimikoak (CVD, Chemical Vapour Deposition), lurrun bidezko jalkitze fisikoak (PVD, Physical Vapour Deposition) eta lurruntze termikoak baino baxuagoetan. Substratu hauskorrekin lan egiteko aukera ematen dute, gainera, prozesatze-tenperatura baxuek; besteak beste, lagin biologikoekin edo polimerikoekin. Alde txiki baina garrantzitsu hori dela eta, ALD teknologia hautatu ohi da zenbait aplikazio berritarako; adibidez, elektronika malgurako eta material konposatuen diseinurako.
Lantalde bikaina
Profesional oso trebatuak ditu enpresa horrek. nanoGUNEren ekimenez sortu zen CTECHnano; ondoren, proiektuarekin bat egin zuten AVS eta Cadinox enpresek. Teknologiamerkatuetan ekipamendua diseinatzen, fabrikatzen, txertatzen, probatzen eta entregatzen eskarmentu handia dute AVS eta Cadinox enpresek. "Bazkide sendo eta idealak dira, biak ala biak, CTECHnanorentzat", dio enpresa proiektuaren buru den David Talaverak. "Hau da garrantzitsuena: bezeroen beharretara egokitzeko gaitasun zientifikoa eta teknologikoa dugu
denok elkarrekin jardunda, eta guztiontzat da hori mesedegarri", adierazi du Talaverak.
CTECHnano helbidea www.ctechnano.com da.
CIC nanoGUNE
Donostiako nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboa xede honekin sortu zen: nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egitea, Euskal
Herriko ekonomiaren lehiakortasuna areagotzeko.
AVS
Sektore hauetarako egiten du ekipamendu zientifikoa AVS enpresak (Added Value Solutions): astrofisikaren eta partikulen fisikaren alorretarako, sektore aeroespazialerako, neutroi-iturrietarako eta X izpien arlorako. Goi-doikuntzako tresneria diseinatzen eta egiten du AVSk zenbait sektore zailetarako; besteak beste, huts ultragoiarekin, erradiazioarekin, eremu magnetiko handiekin eta tenperatura kriogenikoekin jarduteko. Tresnak diseinatzeaz eta egiteaz gain, muntatu, azken probak egin eta entregatu ere egiten ditu, EN 9100 arauen arabera. Goi-mailako eduki teknologikoko aplikazioetarako konponbide eraginkorrak, fidagarriak eta berritzaileak eskaintzen ditu AVSk. Enpresa irekia, malgua eta sortzailea da, eta beti dago prest proiektu berriei ekiteko eta desafio berriak bereganatzeko.
CADINOX
Enpresa familiarra da CADINOX, eta 1966az geroztik ari da osagai mekanosoldatuak egiten instalazio berezi eta konplexuetarako. Hona lantegiaren ezaugarriak: Belauntzan dago; 8.600 m2ko azalera estalia dauka; 65 tonarainoko manipulazio-ahalmena du, eta 65 laguneko profesional-taldea, ongi trebatua. Konponbide osoak eskaintzeko behar diren prozesu guztiak egiten ditu: ebaketa, konformazioa, soldadura, prozesu horiei dagozkien saiakuntza ez-suntsitzaileak, gainazalen tratamendua eta azken mekanizatua. Azken probak eta muntaketa mekanikoko probak ere egiten ditu.
Gazte ikertzaileak trebatzeko Europako bi proiektutan hartuko du parte CIC nanoGUNEk
Europar Batasunaren Trebakuntza Sareetan, munduko hainbat herrialdetako unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta enpresek hartzen dute parte, ikertzaile-belaunaldi berri bat trebatzeko xedearekin. Bikaintasun zientifikoa eta enpresa-berrikuntza bultzatzeko balioko du diru-laguntza horrek, baita ikertzaileen karrera-aukerak sustatzeko ere, haien ekintzailetasuna, sormena eta berritzeko gaitasuna garatuko baitira.
Doktore-titulua ez daukaten eta ikerketako lehen 4 urteak eginak dituzten gazte ikertzaileak trebatzeko dira sare horiek (Early Stage Researcher, ESR ikertzaile esaten zaie gazte horiei). 2018an, lau ESR ikertzaile hasiko dira nanoGUNEn, QuESTech eta HYCOAT proiektuetan, nanoGUNEko Nanogailuak eta Nanomaterialak taldeetan, hurrenez hurren. Lau beka horietako bat eskatzeko aukera zabalik dago zentroaren webgunean: www.nanogune.eu. Elektronika kuantikoaren eta estaldura hibridoen arloetan trebatzeko aukera izango dute gazte ikertzaile horiek.
QuESTech
NanoGUNEko Nanogailuak taldeak “Quantum Electronics Science and Technology training” (QuESTech) proiektuan hartuko du parte, zeinetan Europako aditu-sare bat sortuko baita, elektronika kuantikoaren arloan gazte ikertzaileei abangoardiako trebakuntza eskaintzeko. Proiektu honen helburu nagusia da gailu elektroniko kuantikoak eraikitzea, aztertzea eta sailkatzea. QuESTech proiektuan, 15 ikertzaile trebatuko dira espintronikan, elektronika bakunean, puntu kuantikoetan eta termodinamika kuantikoan. Ikertzaile bakoitzaren ikerketa-proiektuetan, honako garapen teknologiko hauek izango dira kontuan: nanomaterialen hazkuntza, nanoegituraketa, eremu hurbileko mikroskopia, muturreko kondizioen mendeko garraio-neurketa eta kalkulu teorikoak. Dagoeneko, QuESTech proiektuaren emaitza batzuek interes komertziala sortu dute, garabidean dagoen elektronika kuantikoaren industrian.
HYCOAT
Eskala molekularrean diseinatutako material hibridoz osatutako film meheekin aurrerapenak egiteko aukera dago, zenbait arlo garrantzitsutan: ontziratzea eta kapsulatzea, elektronika, bateriak eta aplikazio biomedikoak. Molekula Geruzen Jalkitzea (MLD, Molecular Layer Deposition) da film hibrido ultramehe eta uniformeak hazteko jalkitze-teknika ideala, zeinak zehazki eta era malguan kontrolatzen baititu filmaren lodiera eta konposizio kimikoa eskala molekularrean. NanoGUNEko Nanomaterialak taldeak hartzen du parte HYCOAT Europako Trebakuntza Sarean; sarearen helburua da arlo horietan ondo trebatutako gazte ikertzaile multzo bat osatzea, MLD teknologiaren alderdi guztietan ezagutza sakona izatea, eta estaldura hibridoek izan dezaketen aplikazioari buruzko ikuspegi zabala.
Jose María Pitarke nanoGUNEko zuzendariak dionez, “halako proiektuek izen ona ematen dute nazioartean; ona da, beraz, bai doktoratu aurreko ikertzailearentzat (zeina talde bikain batean trebatuko baita), bai harrerako erakundearentzat (zeinak nazioarteko ikertzaileak hartzen baititu, Europako doktoretza-programa lehiakorrenetako batekin)”. “Gainera —dio Pitarkek—, halako proiektuetan parte hartzeak ateak zabaltzen dizkie etorkizuneko beste proiektu batzuei. Garrantzi handia ematen diote horri Europako Batzordeak eta ikuskatzaileek, finantziazioa emateko garaian”. Azkenik, “aukera ematen du harreman-sare berriak sortzeko, eta onuragarri dira gazte ikertzaileentzat, partzuergoko erakundeekiko lotura handiak sortzen baitira, harremanak aurrera egin baitezake eta onurak ekar baititzake baita programa amaitutakoan ere”, erantsi du.
CIC nanoGUNE ikerketa-zentroan garatutako teknologia batek berrikuntza sustatzen du ehungintza-sektorean
Ehungintzan, berrikuntza ez da soilik diseinuan eta modan gertatzen. Industriak eta merkatuak gero eta ehun berritzaile gehiago eskatzen dituzte, diseinatu diren erabileretara egokituko direnak. Nanoteknologiak, azken hamarkadetan, hainbat teknika garatu ditu, materialen propietateak “neurrira” aldatzeko. Hori dela eta, aliatu ukaezina da gure jantziei propietate berriak emango dizkieten zuntz berriak garatzeko: erresistentzia handiagokoak, iragazgaitzak, izpi ultramoreetatik babesteko balio dutenak, mikrobioen aurkakoak, orbanen aurkakoak eta abar.