Related news by tag Andreas Seifert
CIC nanoGUNEk 3D inprimaketako eta detekzio-sistemetako bere azken teknologiak erakutsiko ditu Basque Industry 4.0n
“Nanozientzia eta nanoteknologia dira benetako eraldaketen egile nagusiak, eta industriaren balio-kate osoan daude, eta egongo dira. Horregatik, garrantzitsua da eremu horretan olatuaren gailurrean egotea, gure industria etorkizunean lehiakorra izatea nahi badugu”, adierazi du Ainara Garcia Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziako arduradunak.
NanoGUNE Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako beste kide batzuekin batera izango da stand-ean, eta 3D inprimaketako eta detekzio-sistemetako azken teknologiak erakutsiko ditu. Batetik, patente-eskaerarekin berriki babestutako teknologia berritzaile bat azalduko du: NovaSpider 3D inprimaketa-ekipoa, zeina gai baita ausaz orientatutako nanozuntzezko eta doitasunez kontrolatutako mikrozuntzezko mintz-geruza ehundu gabeez osatutako materialak sortzeko.
NovaSpider-ek sortutako egituren aplikazio-eremuak askotarikoak eta etorkizun handikoak dira. Ekipoak aukera ematen du material konposatu sendoak, arinak, porotsuak eta azalera espezifiko handikoak diseinatzeko, nanozuntz polimerikoetatik abiatuta. Nanozuntz horien izaera, diametroa, itxura eta morfologia erraz eta eraginkortasunez modulatu daitezke. Horrelako egiturek interes handia pizten dute hainbat eremutan, hala nola birsorkuntza-medikuntzan, ehunak birsortzeko aldamio gisa erabiltzen baitira; biomedikuntzaren alorrean, egitura horiek funtzionalizatu egiten dira, eta erabiltzen dira botikak modu kontrolatuan askatzeko eta zauriak babesteko; eta energiaren sektorean, non superkondentsadoreetan katalizatzaile gisa zer funtzio duten aztertzen baita.
Era berean, ehungintzan eta paketatze-sektorean duen aplikazioa azpimarratu behar da. Izan ere, lortu nahi da elikagaien kontserbazioa hobetzea eta material plastikoen ordez material biodegradagarriak erabiltzea. Orain arte probatutako lagin-bankua zabala da: azukreak, proteinak, kolagenoa, gelatina, zelulosa, etab. Teknologia oso moldakorra dela erakusten du horrek. Material horiek, paketatze-kartoiaren gainean jarrita, kartoiak elikagaiekin kontaktuan jartzeko behar dituen hesi-propietateak eskaintzen dituzte. Hala, orain arte film plastikoak eskaintzen zuen funtzioa ordeztu nahi dute, eta, horren ordez, erabat biodegradagarria den estaldura bat jarri.
Elektrospinnig-ean aditua den Wiwat Nuansing doktoreak eta mekatronikan espezializatua den Javier Latasa ingeniariak —zeina ikertzaile baita Alexander Bittner nanoGUNEko Ikerbasque ikertzailea buru duen Automihiztadura Taldean— azken urtetan egindako lanaren emaitza da proiektua. 3D inprimaketa-industriako adituen laguntzari esker, estandar altuenak betetzen ditu ekipoak, eta sektoreko azken aurrerapen teknologikoak barneratu ditu.
Bestalde, nanoGUNEren espezializazioetako bat detekzio-sistemak eta monitorizazioak dira. Horren erakusgarri da Andreas Seifert Ikerbasque ikertzailea buru duen Nanoingeniaritza Taldeak alzheimerra goiz detektatzeko egindako ekarpena. Industry 4.0 delakoaren adibide garbiak dira Elkartek lankidetza-esparruaren barnean (Eusko Jaurlaritza) nanoGUNEn garatzen den teknologia fotonikoen konbinazioa eta aldagai anitzeko analisia eta Tecnaliako Computer Vision taldeak machine deep learning (ikaskuntza automatikoa) arloan egindako azken aurrerapenak. Gaur egun, bioosasunaren sektoreko aplikazioetara bideratzen ari dira garapenak; adibidez, parametro fisiologikoak monitorizatzera, eta, bereziki, oxigeno-gabeziak eragindako gaixotasunetara edo Alzheimer gaixotasuna goiz detektatzeko sistemetara. Bestalde, ikerketak industria-sektorea ere hartzen du bere baitan, non elikagaien kalitatearen kontrolarekin lotutako azterketak baitira ardatza —mikroplastikoen detekzioa barne—, detekzio-sistemen eta ikaskuntza-algoritmo matematikoen konbinazioan oinarrituta.
Basque Industry 4.0ri buruz
Basque Industry 4.0 ekitaldiaren helburua da 4.0 industriaren eta zibersegurtasunaren inguruko eragile publiko, pribatu eta enpresa guztien ezagutza eta esperientziak partekatzea. Topaketa honetan garrantzi berezia izango dute TEIC tresnek, prozesu industrialak optimizatzeko laguntza gisa: fabrikazioaren diseinuari, garapenari, ekoizpenari, logistikari eta kudeaketa integratuari laguntzeko tresna adimendunak. Teknologiaren eta ikerketaren etorkizunari begira.
Haurren erditze seguruagoa lortzeko teknologia disruptibo berri bat garatu du CIC nanoGUNEK
Jaioberrien heriotza-kopurua 4 milioikoa da mundu osoan, eta horietatik % 23a asfixia perinatalak eragiten ditu. Zesarea bat egiteko erabakia, batez ere, pH-aren eta odoleko laktatoaren azterketa inbaditzailean oinarritzen da. Azterketa hori egiteko, fetuaren buru-azaleko odol-lagina erabiltzen da. Gaur egun erabiltzen den metodoak ez duenez modu jarraituan funtzionatzen, eta gainera, neurketak egiteko denbora luzea behar denez, akats ugari gertatzen dira. Zesareen tasa nabarmen altua da; jaioberri kaltetuen kopurua, berriz, ez da aldatzen. Munduko Osasun Erakundeak (OME) % 15eko zesarea-tasa ez gainditzeko gomendioa egin arren, munduko batez bestekoa % 22 ingurukoa da, eta zenbait herrialdetan % 40ra ere iristen da. Era berean, OMEk dio zesareen tasak % 10etik gorakoak badira ere, ez dutela zerikusiritk amen eta jaioberrien heriotza-tasekin, kontrakoa baizik.
"Gure teknologia Raman espektroskopiaren —espektroskopia horrek zunda espezifikoak ditu aplikazio bakoitzerako— eta aldaketa edo anomalía fisiologikoen irudi sistemikoa kontuan hartzen duten makinak ikasteko duten algoritmo multiparametrikoen konbinazioan oinarritzen da; egungo teknologian, berriz, parametro bakar bat, pH-a edo laktatoa adibidez, da, erabakiak hartzeko oinarria", azaldu du Andreas Seifert nanoGUNEko Nanoingeniaritza taldeko arduradunak. "Raman espektroskopia bibrazio-espektroskopia oso espezifikoa da —dio—, eta parametro biokimikoen aldaketak zuzenean edo zeharka detekta ditzake. Makina bidezko ikaskuntza erabiliz eta aldaketa biokimiko guztiak kontuan hartuz, askoz ere sailkapen sentikorragoa eta egonkorragoa lortzen da egoera patologikoetan eta asfixia perinatalarekin lotutako parametro espezifikoen iragarpenean". "Gure teknologiarekin —dio Andreas Seifertek— zesareak eta erditzeko garaian osasunerako arriskuak gutxitu ahal izango lirateke; baita horrek guztiak dakartzan administrazio-kostuak eta gizarte- eta lege-ondorioak ere".
Ion Olaetxea ikertzailea bere doktore-tesiaren baitan ari da proiektu hau garatzen, eta teknologiaren ezaugarri berritzaile eta bereizgarriak azpimarratzen ditu: "Ez dugu zuzeneko lehiakiderik aurkitzen. Denbora errealean eta inolako etenik gabe egiten dugun monitorizazio ez-inbaditzaileak lehiarako abantaila nabarmena ematen digu, eta hain zuzen ere horrek bereizten gaitu gaur egungo diagnostiko-metodoetatik".
Arrisku perinatala gertutik jarraitzeko ideia proiektu bateratu batean sortu zen. Proiektu hori 2017an hasi zen, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuarekin batera, eta fisikariz, biologoz, kimikariz, ingeniari biomedikoz eta obstetrez osatutako diziplina anitzeko talde batek parte hartzen du. Egitasmoaren helburua da gailu optiko bat eta datuak aztertzeko software espezifiko bat garatzea; halaber, in vivo eta in vitro esperimentu sistematikoak garatuko dira. Ainara García nanoGUNEko Teknologia Transferentziaren arduradunak dioenez, "teknologia patente-eskaera baten bidez babestuta dago orain, eta prestatze-maila ona du, eta horrek inbertitzaile pribatuak erakartzen ditu". "Arrisku-kapitalen intereseko deiak jasotzen ari gara, gure teknologiak erakartzen dituenak", erantsi du. Gainera, "BBK Venture Philanthropy programaren 1. fasera pasa da teknologia - BBK Venture Philanthropy programaren helburua da espiritu ekintzailea eta gizartean eta ingurumenean eragina duen inbertsioa sustatzea Bizkaian -, eta erakutsi du merkatua prest dagoela metodo konbentzionalen alternatibak xurgatzeko", azaldu du Garcíak. "Erditzean bai amek eta bai haurrek etekina aterako diote gure garapen teknologiko honi”, nabarmendu du nanoGUNEko Teknologia Transferentziaren arduradunak.
"Arreta obstetrikoan aplikatzeaz gain, teknologiak ahalmen handia du beste gaixotasun batzuetarako, hala nola sepsia, nekea, minbizia edo gaixotasun infekziosoak. Kirol-artikuluen industrian ere, bereziki lehiaketa-kiroletan, aplikazio-aukera handiak ikusten ditugu", dio Andreas Seifert-ek. "Raman zundaren diseinu optomekanikoa aldatuz eta sailkapen- eta erregresio-eredu berriak garatuz, irtenbide espezifikoak egin daitezke aplikazio bakoitzerako", erantsi du.