Microsite es: . Grupo:
You are here

Nanozientziaren botereak komikian

23/01/2018

 

CIC nanoGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) nanozientzian eta materialen zientzian espezializatutako ikerketa-zentroek Nanokomik #2 dibulgazio-komikia aurkeztu dute gaur Komikigunean, Donostian. Ekitaldian, nanoKOMIK proiektua antolatu duten zentroetako zuzendariek —Ricardo Díez Muiño (DIPC) eta Txema Pitarke (CIC nanoGUNE)— eta Jöse Sénder eta Rubén Molina marrazkilariek hartu dute parte —2017ko erronkaren irabazleetako bi—. Komiki-liburu hau nanoKOMIK proiektuaren bigarren edizioaren emaitza da, eta, horretarako, Zientziaren eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa (FECYT) – Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren diru-laguntza jaso du proiektuak.

2016an proiektuak izan zuen arrakasta oinarri hartuta, nanoKOMIK erronkaren bigarren edizioa plazaratu zen 2017 hasieran. 14 urtetik gorako 240 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte sormen-prozesu aske batean. Prozesuan, komiki-superheroiak sortu dituzte, eta nanoteknologia erabiliz materiak lortzen dituen propietate harrigarriei esker nanobotereak eman dizkiete emakumezko zein gizonezko superheroiei. Horretarako, komiki- eta zientzia-tailer batzuk egin dira EAEko eta Bartzelonako zenbait eskolatan, Bartzelonako Unibertsitatearen lankidetzari esker. Hala, tailerrak antolatu dira Cosmocaixan eta Bartzelonako zenbait liburutegi publikotan, eta, bestalde, Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren indarra lehen edizioaren erakusketa ibiltaria ikusgai izan da, EAEko eta Kataluniako hainbat erakusketa-aretotan eta hainbat zientzia-jardunaldi eta -jaialditan. Erronkan, 70 lan aurkeztu ziren euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Erronkara aurkeztutako ideia onenetan oinarrituz eta helduen kategoriako erronkaren irabazleekin elkarlanean moldatu dira istorio berriak, Munduaren domi(nano)zioa, Sugarra eta Landare Artean izenekoak. Istorio dibertigarri horietan, zenbait pertsonaiaren gorabeherak kontatzen dira: politikari ustel bati ubikuotasunaren boterea ematen dion neuro-nano-zientzialariarena, lehertzeko zorian dagoen misio espazial bat salbatu duen bidaiari espazialarena eta landareen fotosintesi-prozesua artifizialki erreproduzitzeko gai den nanohibrido bat sortzen buru-belarri diharduen zientzialariarena, hurrenez hurren.

Dibulgazio-komikiek erronkara aurkeztutako ideiarik orijinalenak biltzen dituzte. Komikien berregite-lanean Aśka, Rubén Molina eta Jöse Sénder marrazkilariek eta proiektuaren koordinatzaile Amaia Arregik (DIPC) eta Itziar Oteguik (nanoGUNE) hartu dute parte. Obra osoa creative commons lizentziapean eskura daiteke, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, paperean zein formatu digitalean (www.nanokomik.com webgunean).

Komikiguneko erakusketa

nanoKOMIK erakusketan, 2016 eta 2017ko edizioetako istorioak biltzen dira, eta otsailaren 9a arte izango da ikusgai Donostiako Komikigunean (Koldo Mitxelena Kulturunea, Errege Katolikoak 16), astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Proiektuaren bi edizioetan hartu du parte Komikiguneak, erronkaren epaimahaiko kide gisa bereziki.

 

x
We use third party cookies to improve our services and tailor the website to your surfing habits. By continuing to browse the site, you are agreeing to our use of cookies policy. Further information on the use of cookies.